XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garbi gera bedi bide bat markatu besterik ez dela egiten liburuan, opzio eta aukera batzuk eskainiz.

Gogoan izatekoa da baita ere askotan egokiago dela metodo batzuk lantzea eta ematen diren lanetan metodo zientifikoetan abiatzea, eta ez presaka eta korrika gai mordo bat nolabait pasatzea, eduki batzuk bete nahian.

Bestalde, liburuan gai bat lantzen denean, han agertzen diren ariketa guztiak xehetasun guztiekin egitea ez dela ezinbestekoa esan beharra dago.

Zer ez den eta zer izan nahiko zukeen liburu honek.

Liburu honek (ikaslearen liburuak) ez luke izan nahi kontsulta-liburu bat.

Ariketak eta esperientziak eta, nola ez, horiei hasiera emango dien elkarrizketak era bizi batean aurkezten saiatu gara.

Hau da, liburuak proposatzen dituen gauzak egiteko, ez dago liburuan bertan bila ibili beharrik eta ezta ere han jartzen dituen gauzak buruz ikasten.

Hitzegiteari, eztabaidatzeari eta behatzeari bidea ireki nahi genioke liburuarekin, eta horixe bera pentsa dezatela bai irakasleak eta bai ikasleak liburua irekitzen duten bakoitzean.

Liburu hau ez da, ezta ere, fitxak betetzeko liburu bat.

Hainbat erantzun desberdin ondo egon daitezke, lan desberdinak aukera daitezke, eta ariketa batzuk utziz beste batzuri garrantzia eman...

Liburuaren lagungarri bezala, hori bai, ezin ahaztu esperientziatako koaderno bat behar-beharrezkotzat jotzen dugula.

Oraindik nahiko txikiak dira hirugarren mailako ikasleak horrelako lan-tresna bat behar bezala aurrera eramateko, baina irakaslearen laguntzarekin, txukuntasun minimo bat edukiz eta ohitura baten hasiera besterik ez dela kontutan izanik, bide horretatik abia daitezke eta ondorengo kurtsoetarako balio handiko ikasteko modu batez jabetzen joango dira.

Koaderno hau Esperientzi Arlorako bakarrik izango da eta arlo horretan egiten ditugun ariketa eta lan guztiak jarriko dituzte ikasleek.

Beno, baina ez bada fitxa-liburua izango, eta ez bada kontsultarako ere izango, zer arraio izango da orduan? Egia esan, gure nahiak handi samarrak dira.

Liburu hau dela medio hiru gauza hauek behintzat egin nahi genituzke:
Irakurketa finkatu
Elkarrizketa eta ahozko espresioa landu.

Elkarrizketak eta ideia-eztabaidatze eta ideia-trukatzeak duten garrantziaz jabetu
Metodo zientifikoan lehen urratsak ematen hasi.

Lehenengoari begiratuz, irakurketari alegia, gai bakoitzaren sarreran irakurgai bat jarri da.

Testuliburuetan normalki agertzen ez den zerbait izanik, esplikaziotxo bat behar duelakoan, aparteko ataltxo batean aipatuko dugu.

Bigarren puntua, elkarrizketa eta ahozko espresioa lantzea, ahaztu ezinezkoa da gure ustez.

Hirugarren maila batean mezu gehienak oraindik ere ikusmen eta entzumenez jasotzen dira, eta horretaz aparte, idazte-prozesuari hasiera besterik eman ez zaionez, izugarrizko garrantzia du irakasleak hitzegiten duenak eta ikasleek hitzegin eta eztabaidatzen duten guztiak.

Gai bakoitzean, zatirik handiena ahoz egitekoa izango da.